Zer da STEAM hezkuntza?

STEAM terminoa Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics-en ingelesezko sigletatik sortua da. Aurten, Euskadiko 289 ikastetxek berrikuntza-proiektuak garatuko dituzte STEAM eremuan. Proiektuok zientzia eta teknologia arloetan bokazioak piztea dute xede.

STEAM hezkuntzak zientzian, teknologian, ingeniaritzan, artean eta matematiketan oinarritutako hezkuntza-apustua indartzen du. Gure ikastetxeek zientzia eta teknologiako hezkuntza sustatzeko bidea hartu dute, arlo horiek erakargarri bihurtuz. Hezkuntza Sailak helburu horretarako laguntzak arautzen dituen deialdia ebatzi du, eta ikasturte honetan, guztira, 289 proiektu gauzatuko dira, 185 ikastetxe publikori eta 104 itunduri esleitu zaizkien dirulaguntzei esker.

Programa horretara 700.000 euro bideratzen dira guztira, ikastetxe publiko eta itunduetarako. Ikastetxe bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu, gehienez, aurkeztutako proiektua gauzatu ahal izateko. Denetara, 289 jarduera izango dira, gazteak, bereziki neskak, zientziaren eta teknologiaren alorreko ibilbideak hartzera bultzatzeko.

Sormena eta berrikuntza hezkuntzan

STEAM Euskadi hezkuntza-estrategia 2018ko ekainean aurkeztu zen, hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa hezkuntza-etapa guztietan bultzatzeko. Horretarako, eragile sozioekonomikoak, enpresak eta erakundeak inplikatzen ditu, guztiak ere ikasleak jasotzeko edo hitzaldi edo erakusketetan parte hartzen laguntzeko prest.

Gakoetako bat diziplina arteko proiektuak garatzea da, STEAM gaitasunen hainbat alderdi aldi berean ikasi ahal izateko. Horren bidez, pentsamendu zientifiko, teknologiko, artistiko eta matematikoaren kultura sustatu nahi da eta horretarako, hezkuntza-prozesu sortzaile eta berritzaileak erabili.

Ikasleak jartzen dira ikaskuntza-planteamenduen muinean, metodologia aktiboen bidez, hala nola lankidetza edo arazoak ebaztea suztatuz. Era berean, ekintzailetza, sormena eta jasangarritasun-irizpideekin bat datorren pentsamendu kritikoa izan dezaten ahalegintzen da STEAM heziketa.