STEAM bokazioen Olinpoa

STEAM Euskadi Sariak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikarekin lotutako proiektu onenak saritu ditu. Ikasleek egindako ahaleginek alor honetako bokazio goiztiarren arteko garaile bihurtu dituzte.

STEAM Hezkuntzako 127 ekimen aurkeztu dira guztira; horietako laurogeik STEAM Euskadi zigilua lortu dute, modu nabarmenean STEAM Hezkuntzakoak izatearren. Parte-hartze handia izan denez, talde partehartzaileek irmo defendatu behar izan dituzte euren proiektuak, talentu eta kemen handiz. Laugarren edizio honetan, Euskadiko STEAM bokazioen "podiumera" igo direnak Jado Ikastetxea, CIFP Don Bosco eta Kutxa Fundazioak sustatutako proiektuak izan dira.

Sari hauek zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak bultzatu nahi dituzte. Eusko Jaurlaritzak deitzen ditu, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Lehiaketak Euskadin garatzen ari diren STEAM Hezkuntza sustatzeko praktika onenak erakusten ditu. STEAM ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics esan nahi du.

STEAM Euskadi estrategia

STEAM hezkuntzak Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika batzen ditu Arte eta Humanitateekin lotuta. Euskal estrategiak bereziki azpimarratzen du ikasle gazteen artean bokazioak sustatzea, eremu horretan berdintasun-maila handiagoak lortzeko. STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiak (2018) hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa bultzatu nahi ditu hezkuntza-etapa guztietan (eskola-etapa, Euskadiko Lanbide Heziketa eta unibertsitatea), bokazio eta asmo profesionalak sustatu nahi ditu STEM esparruan eta euskal herritarren artean dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatu nahi ditu.

Saritutako ekimenak

Hezkuntza Sailak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak deitzen dituzten sariok hiru kategorietan banatzen dira:

• Ikastetxeek sustatutako STEAM hezkuntza-ekimenak

• Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM hezkuntza-ekimenak

• Erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM hezkuntza-ekimenak

Kategoria bakoitzean 3.000 euroko lehen saria, 2.000 euroko bigarrena eta 1.000 euroko genero-ikuspegiaren aipamen berezia banatu dira. Kasu guztietan, sarien zuzkidura STEAM ekintzetara bideratu beharko da: saritutako ekimena garatzeko edo egikaritzeko hobekuntzak finantzatzeko edo STEAM hezkuntza-ekimen berri bat abian jartzeko erabili beharko dute dirua.