
Energia eraginkortasunerako soluzioak, animalia-ilea itsasoko isuriak batzeko erabiltzea edo grafenoari buruzko ikerketak; 70 ikastetxetako 800 ikasle inguruk ikasturtean zehar garatu dituzten proiektuak erakutsi dituzte Elhuyar Zientzia Azokan.
2013an lehen aldiz argitaratu zenetik gaur arte, 12 eta 18 urte bitarteko 8.200 gazte inguruk parte hartu dute Elhuyar Zientzia Azokan, urtero Bilboko Areatzan egiten den azokan. Ekimenaren helburu nagusia STEAM (science, technology, engineering, the arts, and mathematics) hezkuntza sustatzea da. Hezkuntza Sailak babesa eman dio ekitaldiari, gazteen artean zientziarekiko zaletasuna bultzatzen duelako, eta kultura zientifikoa sustatzen eta zabaltzen duelako.
Hitzordua berez, azoka bat izaten da eta 70 ikastetxetako 800 ikasle inguruk euren proiektuak erakutsi dituzte. Ikasturtean zehar proiektu zientifikoak planteatu dituzte, hala nola animalia-ilea aprobetxatzea iragazkiak egiteko itsasoan olio- edo fuel-isuriak batzeko, nekazal ustiapen hidroponikoak edo mikroplastikoen kontsumoa murrizteko metodoak. Energia aprobetxatzeko eta energia berriztagarriak erabiltzeko hainbat modu ere asmatu dituzte. Kuartzoa energia sortzeko baliatzea planteatzen dute edo grafenoa erabiltzea superkondentsadoreak fabrikatzeko.
STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiarekin lerrokatua
Eusko Jaurlaritzak babestu egin du ekimena, bat datorrelako STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiarekin. STEAM hezkuntzak Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika biltzen ditu Arte eta Humanitateekin lotuta.
Euskal estrategiak bereziki azpimarratzen du ikasle gazteen artean bokazioak sustatzea, eremu horretan berdintasun-maila handiagoak lortzeko. STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiak (2018) hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoa bultzatu nahi ditu hezkuntza-etapa guztietan (eskola-etapa, Euskadiko LH eta unibertsitatea), bokazio eta asmo profesionalak sustatu nahi ditu STEM esparruan (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) eta euskal herritarren artean dibulgazioa eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatu nahi ditu.
STEAM Sare programa
STEM lanbideen orientazioa indartzeko testuinguruan, bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen sare bat da STEAM Sare programa (enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta beste erakunde batzuk), eremu horretako lanbideen irudi errealista emateko elkarrekin lan egiten dutenak. 165 euskal ikastetxek parte hartzen dute programa horretan.