
EAEko hiru hiriburuetan, Iruñean eta Donibane Lohizunen, urtarriletik martxora bitartean egingo den "Zinema eta Zientzia" zikloak zinea erabiltzen du pentsamendu zientifikoa gizarteari hurbiltzeko.
Euskadiko Filmategiak, DIPCk (Donostia International Physics Center) eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten "Zinema eta Zientzia" ekimenaren zazpigarren edizioa urtarrilaren 11tik martxoaren 23ra bitartean izango da. Hautatutako filmen emankizunen aurretik, hainbat zientzialarik eta adituk hitzaldiak emango dituzte, pelikula horiekin zientziak duen harremanari buruz. Saio horiek Bilbon (Bizkaia Aretoa), Donostian (Tabakalera), Gasteizen (Artium Museoa), Iruñean (Golem Baiona) eta Saint Jean de Luzen (Cinema Le Select) izango dira.
"Zinema eta Zientzia" jardunaldien egitaratua hemen kontsulta daiteke. Hautatutako filmografiari lotuta, fisikan, ingeniaritzan, informatikan, biokimikan edo adimen artifizialean adituak diren hogei pertsonak baino gehiagok beren hitzaldiak emango dituzte. Bertan izango dira, besteak beste, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Rodrigo Agerri EHUko irakaslea, Itziar Alkorta biokimikaria, Amaia Bernaras informatika ingeniaria eta Onintze Salazar Euskalmeteko fisikaria.
Zinema-ziklo honek zinema eta zientzia kultura hedatu nahi ditu. Ziklo hau hizkuntza zinematografikoaren unibertsaltasunaz eta edertasunaz baliatzen da pentsamendu zientifikoaren edertasuna eta sakontasuna erakusteko. Antolatzaileek Charles Chaplin eta Albert Einsteinen arteko pasadizo ezagun baten bidez azaltzen dute, jardunaldiaren helburua deskribatzeko balio duena: Fisikari ezagunak behin esan omen zion zinemagileari: "zinemaz gehien miresten dudana da, hitzik esan gabe, mundu osoak ulertzen zaituela". Eta Chaplinek erantzun zion: "Baina zure aintza are handiagoa da, mundu osoak miresten baitzaitu esaten duzuna ulertu gabe".
Ikastetxeentzako saioak eta sarrerak
Ikastetxeei zuzendutako goizeko saioak ere izango dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Saiootan, Mars Express (Jérémie Périn, 2023) proiektatuko da euskarazko azpitituluekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hitz ikerketa-taldeko Rodrigo Agerri eta Izaskun Etxeberriak aurkeztuko dute.
Sarrerak online eta leihatiletan erosi ahalko dira: Tabakaleran, Artium Museoan, Arte Ederren Bilboko Museoan (saioak Bizkaia Aretoan izango dira, pinakotekan obrak egiten ari baitira) eta Le Sélect eta Golem-Baiona zinema-aretoetan. Txartelek 3,50 eta 6 euro bitartean balioko dute (deskontuak sartu gabe). Informazio guztia www.filmoteka.eus atarian.