"Ikaslab itzela da!"

Ikasleek badakite taldean partekatuz eta elkarlenean arituz ikastea dela aukerarik onena. Dagoeneko 23 Ikaslab proiektu daude ezarrita Euskadiko ikastetxe publikoetan. Irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesu berriak ahalbidetzen dituzten espazio berri, malgu eta irekiak dira. Datorren ikasturtean beste 15 jarriko dira martxan.

Etorkizunean horrelako gune gehiago ezarriko dira ikastetxe publikoetan. Ikaslabek dagoeneko ikasleen onarpen handia du. Zarauzko Ikaslab proiektua abian jartzearen harira egindako bisitan, ikasleek argi utzi zuten: "Ikaslab super ondo dago!". Neskek eta mutilek estimatzen dute zereginak taldean ebaztea eta ariketak teknologia berriak erabiliz egin ahal izatea. Ongi sentitzen dira espazio fisiko malgu eta gardenetan, eta protagonista bihurtzen dira ikasteko modu berritzaileekin.

Ikaslab proiektua Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ezartzen da. Eskoletako eta institutuetako espazioak birplanteatu egiten dira, irakatsi eta ikasteko prozesu berri baten beharrei erantzuteko. Espazio berritzaileak sortu eta diseinatzen dira. Ikaslabek parte-hartzea eta talde-lana, elkarrekintzak eta eztabaida sustatzen ditu. Horixe errazten dute  espazioaren ezaugarriek; altzari moldakor eta mugikorrez hornituta daude espazio hauek eta gailu digitalak zein ikus-entzunezko teknologiak ere badituzte.

Abian jartzea

Hezkuntza Sailak Ikaslab 2022-2023 ikasturtean jarri zuen abian Ikaslab, proiektu pilotu gisa, eta ikerketa-prozesu bat hasi, aldi berean, UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultatearekin. Gune horien eragina ikertu nahi dute, Euskal Hezkuntza Sistemarako eredu propio bat sortzeko. Berritzegune Nagusiarekin batera eta ikastetxeen parte-hartzearekin, proiektua diseinatuz eta espazioen hezkuntza-erabilera esanguratsuagoari buruzko prestakuntza jasoz. Aurreikuspenen arabera, ikasturte honen amaieran 23 Ikaslab proiektu ezarriko dira Euskadiko ikastetxe publikoetan, eta datorren ikasturtean zehar beste 15 egingo dira.

Hainbat gune

Espazio malgu hori, aldi berean, hainbat eremutan banatzen da, ikasleek eremu bakoitzean egiten duten zereginaren edo lanaren arabera:

• Ikertu gunea: ikasleek modu autonomoan (banaka, bikoteka edo taldeka) jardungo duten gunea da. Eremu honek ikertzeko, informazioa bilatzeko eta autoesploraziorako aukera ematen die ikasleei, entzule pasibo hutsak izan beharrean. Arazoetan oinarritutako ikaskuntzarako edo ikerketan oinarritutako ikaskuntzarako gune egokia da.

• Sortu gunea: ezagutzak sortzeko gunea da. Bertan, ikasleek beraiek sortutako produktu batean islatuko dituzte ikaskuntza-prozesuan landutako eta garatutako ezagutzak, informazioa eskuratze hutsetik haratago. Ikasleak sortzaileak dira. Hemen talde-lanak eta erabakiak hartzeko gaitasunak hartzen dute garrantzia.

• Komunikatu gunea: egindako lanak aurkezteko gunea da. Sortutako lanak besteekin partekatzeko ariketa horiek aurkezpen ortodoxoetatik haratago doaz, interaktibitateak, entzute aktiboak eta feedback-ak protagonismoa hartzen baitute. Teknologia berriei esker, aurkezpen horiek aurrez aurre edo telematikoki egin daitezke.

• Pentsatu gunea: ez da espazio zehatz bat, baizik eta zeharkako prozesu bat –zeharkakoa –, gainerako gune guztietan agertzen dena eta besteetan eragiten duena Guztiak elkarrekin lotzen ditu. Pentsatzeak irakatsi eta ikasteko prozesuaren une guztietan egon behar du presente, ikasleek beren indarguneak eta ahuleziak ezagut ditzaten.

Ikastetxe bakoitzak Ikaslab proiektuaren planteamendu edo eskema orokor hori bere errealitatearen edo hezkuntza-proiektuaren arabera egokitzen du, betiere proiektuak berarekin dakartzan oinarri teoriko nagusiei eutsiz: ikasleen autonomia eta protagonismoa irakatsi eta ikasteko prozesuetan; irakasleen laguntzaile rola; prozesu kognitiboen arreta; edo gaitasun kritikoen garapena lantzea.