
2023-2024 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezietarako probak ekainaren 13an egingo dira Bilboko Ingeniaritza Eskolan. Ezagutzaren bikaintasuna eta ikasleen ahalegina aintzat hartzen dira Euskadin.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2023-2024 ikasturteko Batxilergoko 16 Sari Bereziren probak egiteko deialdia egin du. 2023-2024 ikasturtean Batxilergoko bigarren maila egin duten eta Batxilergoko bi mailetan batez beste 8,75 puntu edo gehiagoko nota lortu duten neska-mutilak aurkeztu ahal izango dira azterketetara. Probak ekainaren 13an egingo dira, unibertsitatera sartzeko probak egin eta berehala. Bilboko Ingeniaritza Eskolan izango dira azterketak.
Probak hiru ariketaz osatuko dira: proba bat, Batxilergoko modalitateko ikasgai propio bati buruzkoa, eta bi hizkuntza-proba: euskara edo gaztelania, eta atzerriko hizkuntza. Puntuaziorik onena lortzen duten 16 ikasleek errekonozimendu bat jasoko dute, ohi bezala, Eusko Jaurlaritzaren egoitzan. Ekitaldi horretan, ikasi duten institutuetako ordezkariak eta senideak ere izango dira. 1.000 €garbiko saria jasoko dute.
Lehiaketa honen helburua Batxilergoa ibilbide akademiko bikainarekin egin duten ikasleen ahalegina eta dedikazioa aitortzea da. Neska-mutil horiek saritzea hezkuntza-sistemaren emaitza onak aitortzea ere bada; izan ere, jakintzaren bikaintasuna eta hori lortzeko haien familiek egindako ahalegina balioesten ditu.
Kontuan hartu beharreko datak
Maiatzaren 20tik 25era: Izen ematea
Maiatzaren 27an: Onarpenen behin-behineko zerrenda
Ekainaren 7ra arte: Alegazioak
Ekainak 7: Azterketa lekuen zerrenda
Ekainak 13: Probak egitea
Ekainak 20: Behin-behineko kalifikazioak
Ekainaren 27ra arte: Alegazioak
Uztailaren 2an: Behin betiko kalifikazioak argitaratzea