Neska-mutilen arteko berdintasunaren alde aurrera eginez

Euskadin hezkidetza-plan bat dago euskal hezkuntza-sistemarako, berdintasuna eta tratu ona lortzea helburu duena. II. Planaren garapenaz arduratzen den Jarraipen Batzordeak orain arte egindako lanaren balantze positiboa egin du, eta hurrengo erronkak identifikatzeko lanean ari da.

 

Eskolen bidez gizarte berdinzaleagoa lortzeko urrats berriek bidea egiten jarraitzen dute. Euskal hezkuntza-sistemarako hezkidetza-plan berrian taxutuko duen lanari ekin diote. Plan hori diseinatuko den hirugarren plana izango da, ikastetxeetako haurretan ipiniko du arreta, ikastetxeetan egon daitezkeen desberdintasun eta kalteberatasun-egoerei aurre egiteko.

Oraintsu aztertu dute alor honetan orain arte egindako lana. Jarraipen Batzordeak balorazio ona egin du. Batzorde horretan, Hezkuntza Sailak eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak egin dute lan. Bere oinarrien artean, sexismoaren aurrean pentsamendu kritikoa garatzea, hizkuntzaren eta irudi inklusiboen erabilera edo gatazken konponbide baketsua nabarmentzen dira. Azken batean, emakumeen eta kalteberatasun-egoeran dauden kolektiboen aurkako indarkeria prebenitzea eta horren aurrean jardutea da helburua. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen arteko elkarlana eta ikastetxeen gobernantza. Hezkuntza-sistemari hezkidetza-eredua ahalbidetuko dioten egiturak eta pertsonak prest izatea funtsezkoa da, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko eta desagerrarazteko.

Indarkeria-mota berriak, indarkeria desagerrarazteko tresna berriak

Indarkeria-egoerak prebenitzeak esan nahi du, halaber, arreta jarri behar zaiela emakumeen aurkako indarkeria-mota berriei, hala nola sexting-ari, sextorsioari,  child grooming-ari edo revenge porn-ari.

Era berean, arreta eskaini behar zaie arrisku eta egoera ahulean dauden kolektiboei, hala nola genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen seme-alabei (sarritan zuzeneko erasoak ere jasaten dituzte), desgaitasunen bat duten pertsonei, transexualei...

Egungo planaren garapenari buruz egindako balorazioaren ondoren, Jarraipen Batzordeak erronka berriak ezarri dizkio Hezkidetzaren III. Planari, hala nola Osasun Sailarekin batera Sexu Osasuneko Gida bat sortzeko beharra, ikastetxe guztiei zuzendua.

Hezikidetzagunean jasotzen den bezala, hezkuntzak aukera-berdintasuna eman behar du, inolako diskriminaziorik gabe; izan ere, Jarraipen Batzordeak ziurtatu duenez, ez dago hezkuntzarik bizikidetzarik gabe.