
Ameriketako Estatu Batuetako Lanbide Heziketako 15 zentrotako ordezkariak Euskadin izan dira berriki, Tknika Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikatuko Zentroa ezagutu nahi izan dute eta. Bi herrialdeetako ikastetxeen arteko harremanak estutuko dira ikasleen elkartrukearekin eta hainbat proiektutan parte hartzearekin.
Lanbide Heziketako Estatu Batuetako ikastetxeek Lanbide Heziketako euskal ereduari eta garatzen ari diren berrikuntza-proiektuei erreparatu diete. Topaketak AEBetako eta Euskadiko ikasleen arteko harremanak eta trukeak bultzatzeko balio izan du, baita bi herrialdeetako Lanbide Heziketako ikastetxeenak ere.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko arduradunek harrera egin diote oraintxu Ameriketako Estatu Batuetako Lanbide Heziketako 15 zentro edo collegeren ordezkaritza bati, Justen Thomas AEBek Madrilen hezkuntza gaietarako duten enbaxadako agregatua eta Hispanic Association of Colleges and Universities elkarteko (Estatu Batuetan, Latinoamerikan eta Espainian 500 ikastetxe eta unibertsitate baino gehiago ordezkatzen dituen elkartea) arduradunak buru zituela.
Zer ikusi duten
Lanbide Heziketako euskal sistemari eta horren adierazle nagusiei buruzko aurkezpen orokor baten ondoren, AEBko ordezkaritzak Tknikako instalazio batzuk bisitatu ditu, zentroko arduradunen eskutik. Besteak beste, Kalifornia, Arkansas, Nevada, Texas, Illinois eta New Yorkeko 15 collegetako arduradunek Adimen Artifizialean, Zibersegurtasunean edo Automatizazio Industrialean garatzen ari diren proiektuak ezagutu dituzte. Ikasleak prestatzeko erabiltzen diren teknologia murgiltzaileak eta interaktiboak ezagutzeko aukera ere izan dute.
Ordezkaritzarako antolatutako programak Easo Politeknikoa Lanbide Heziketako Zentro Integratua (Donostia) eta Ostalaritza Eskola (Leioa) izan ditu barne. Gastronomiaren arloan gertatzen ari diren aurrerapenek interes handia piztu dute: sukaldaritzako eraldaketa digitala (4.0 jatetxea proiektua), gastronomiari aplikatutako ingurune birtualak edo sukaldaritzagatik hain ezaguna den Euskadiko elikagaien eta iraunkortasunaren berrikuntzako proiektuak.