ESPARRU ELEANITZA: Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua

Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua inguruneko ezaugarri soziolinguistikoetara egokituko du ikasleak, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, B2 mailarekin atera daitezen euskaraz eta gaztelaniaz eta B1 mailarekin atzerriko hirugarren hizkuntza batean. Legeak euskara indartu nahi du, sistema eleanitza eta kulturartekoa egituratzeko ardatz gisa eta irakasleen gaikuntza ere arautzen du.

Ikastetxe bakoitzaren inguruko hizkuntza-errealitateei arreta emanez, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua garatu beharko du. Gainera, Hezkuntza Legeak oinarri sendoak eskaintzen ditu esparru eleanitz berri bat abian jartzeko. Esparru komun hori hezkuntza-espazio guztiak eta ikaskuntza-baliabideak barne hartzeko moduan eraiki behar da. Horretarako, kontuan izan beharko du ikastetxe bakoitzaren inguruneko errealitatea. Hau da, bere kokapenaren ezaugarriei erantzuteko diseinatu beharko du bere eredua.

Hizkuntzei buruzko eztabaidak, eta zehatzago, Euskararen Legean jasotzen diren hizkuntza-ereduei buruzko aipamenak (zioen azalpeneko aipamenak), arreta mediatikoa bereganatu du. Hala ere, horren gainetik, azpimarratu beharrekoa honako hau da: ikastetxeek gaitasuna dutela euren hizkuntza-proiektua garatzeko neska-mutilek legeak ezartzen duen irteera-profila lor dezaten. Hau da, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza-proiektua bere errealitate soziolinguistikora egokituko du, ikasleek euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila eta hirugarren hizkuntza batean B1 maila izan dezaten. Orain arte ez da horrelakorik ikusi.

Azpimarratu beharreko beste gai bat da lege berri honek euskara indartu nahi duela sistema eleanitza eta kulturartekoa egituratzeko ardatz gisa, eta irakasleen gaikuntza ere arautzen duela. Legeak irakasleen gaitasuna ere artikulatzen du ezinbesteko bi esparrutan: hizkuntza-gaitasuneko prestakuntzan batetik, eta hizkuntzen ikaskuntzarako alderdi metodologikoen prestakuntzan, bestetik.