Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gida bat diseinatu du ikastetxeek indarkeria matxistaren biktima diren haur, nerabe eta emakumeei arreta emateko jarraibideak jasotzeko.
Emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunen aurkako borroka eta emakumeen aurkako indarkeria matxista Eusko Jaurlaritzako sail desberdinek lantzen dute, Emakunderekin lankidetzan. Hezkuntza Sailak, euskal hezkuntza-sistemarako II. Hezkidetza Planaren bidez, berdintasunaren eta tratu onaren bidean (2019-2023), hezkidetzako eskolan urratsak ematen jarraitzeko aukera aurreikusten du. Hain zuzen ere, testuinguru horretan kokatzen da argitalpen hau.
Bertan batzen diren ekimenek kasu posible desberdinak aztertzen dituzte eta ikastetxeei horiek detektatu eta horien aurrean jarduteko jarraibideak bideratuta daude; gerta daiteke hezkuntza-komunitateko norbaitek jakitea edo susmatzea ikasle bat indarkeria matxistaren biktima izaten ari dela ikastetxe bereko gizonezko ikasle baten aldetik. Gerta daiteke, halaber, tratu txarren emailea zentroko langile bat izatea. Hirugarren kasu batean, indarkeriaren eragilea familiarteko bat edo zentrotik kanpoko pertsona bat izatearen aukera jasotzen da. Dokumentuan aztertzen den laugarren kasua da ikastetxeko langile bat edo ikastetxeko ama bat bere etxean bertan gertatzen den indarkeria matxistaren biktima izatea.
Hezkuntza-tratamendua
Arazo honi heltzeko printzipio orokorren artean honako hauek daude: biktimei eskaini beharreko babesa eta segurtasuna, erantzunen eraginkortasuna eta arintasuna, berehala jarduteko edo prebenitzeko. Ildo horretan, ikasleak sentsibilizatzeko eta prestatzeko beharra jasotzen da.
Hezkuntza-eremutik nabarmentzen da, neurriak eta bitartekoak jarri behar direla indarkeria-ekintzak saihesteko. Dokumentuan ezarritako jarraibideen arabera, indarkeria matxista emakumeen aurka erabiltzen den indarkeria oro da, baita neskatoen, nerabeen eta transexualen aurka egindakoak ere. Amari mina sortarazteko, haurren aurka egindakoak ere indarkeria matxista kasuak dira.