
Izena emateko epea maiatzaren 24ra arte dago zabalik, online edo Lanbide Heziketako zentroetan. Ikastetxeotan 5.780 plaza gehiagorekin handituko dute eskaintza 2024-2025 ikasturterako. Berrikuntza nagusia: izen ematea C graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko ere ireki da.
Hezkuntza Sailak nabarmen handitu du Lanbide Heziketarako plazen eskaintza, 5.780 plaza berri sortu baititu. Horrek Lanbide Heziketako ikastetxeetan 244 talde berri sortzea ekarriko du.
Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 6tik 24ra. Euskadiko Lanbide Heziketak 64.105 plaza eskainiko ditu datorren ikasturtean, 2023-2024 ikasturtean baino 5.780 plaza gehiago.
Plaza kopurua gehien handituko duten bost lanbide-arloak honako hauek dira: Informatika eta komunikazioa, Fabrikazio mekanikoa, Administrazioa eta kudeaketa, Elektrizitatea eta elektronika eta Zerbitzu soziokulturalak eta komunitatearentzako zerbitzuak. Plaza-kopuruak ere gora egin du baita ere Osasungintzan, Instalazio eta mantentze-lanetan eta Ostalaritza eta turismoan, adibidez.
Lanbide-ziurtagiriak eta ibilbide integratuak
Onarpen-prozesu berri honen berritasun nagusia da C graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak egiteko ere ireki dela.
C graduak, lehentasunez, jardunean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien irakaskuntzak dira. Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi-mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea (oinarrizko maila amaitzean) ikastetxe berean. Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (2 oinarrizko mailakoak eta 2 erdi-mailakoak). Lehenengo bi urteak igarota, DBHko graduatu-titulua eta oinarrizko teknikari-titulua lortuko ditu; hurrengo bi urteak amaituta, teknikari-titulua (erdi-mailakoa) lortuko du.
Espezializazio-ikastaroak urtebeteko iraupena duten ikastaroak dira. Erdimailako edo goi-mailako heziketa-ziklo bat amaitu duten ikasleentzat dira, eta egin duten zikloarekin lotura estua duen arlo edo eremu espezifiko batean espezializatzeko aukera ematen diete.
Kontuan hartu beharreko egutegia:
Maiatzaren 6tik 24ra: onarpen-eskaera aurkeztea (biak barne)
Uztailaren 5a: onartuen, ez onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak
argitaratzea
Uztailaren 10era arte: behin-behineko zerrendei erreklamazioa aurkezteko epea
(12:00ak arte)
Uztailaren 11: onartuen, ez onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak
argitaratzea
Matrikula formalizatzea (ohiko aldia):
o I. fasea: uztailaren 11tik 15era (14:00etan)
o II. fasea: uztailaren 17an
o III. fasea: uztailaren 19tik 22ra