HEZKUNTZARAKO SARBIDEA: Kohesio handiagoa, desberdintasun gutxiago

Hezkuntzak zeregin garrantzitsua betetzen du gizarte-kohesioa lortzeko. Horretarako pluraltasuna eta gizarte-aniztasuna errespetatu eta horiei erantzuna eman behar die.

Euskal hezkuntza Zerbitzu Publikoa ikastetxe publikoen eta pribatuen bidez emango da. Zenbait printzipioren arabera arautuko dira eta baldintza batzuk bete beharko dituzte, hala nola ikasle zaurgarriei arreta, doakotasuna, hezkuntzarako sarbidean berdintasuna eta hezkidetza eta berdintasuna sustatu beharko dituzte.

Segregazioaren aurkako estrategia
Berria da legeak esatea funts publikoekin finantzatutako zentro guztiek segregazioaren aurkako estrategian parte hartu behar dutela.
Lege honek bermatzen du funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetarako sarbidea aukera-berdintasunaren irizpideak aplikatuz egin beharko dela. Horretarako, legeak hezkuntza-sistemaren plangintza eta sarbidea arautzen ditu. Gizarte-kohesioaren aldeko apustua, pluraltasunari eta gizarte-aniztasunari erantzuna emango diona, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ematen duten ikastetxeek erantzukizun berbera hartu behar baitute.

Aukeratzeko eskubidea
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa ematen duten ikastetxeetarako sarbidea berdintasun-baldintzetan egiteaz gain, eskola-plazen eskaintza eskolatze-behar errealetara egokituko da. Horrela, gaineskaintza eta azpieskaintza saihestuko dira. Sartzeko eta onartzeko prozesuak printzipio hauek izango ditu oinarri: ekitatea, hezkuntza-inklusioa, gizarte-kohesioa sustatzea eta eskuragarri dagoen hezkuntza-eskaintzaren barruan familiek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea errespetatzea.

Aniztasunari arreta
Aniztasuna dauka euskal eskola inklusiboak bere jardunaren oinarrian. Eskolak kalitatezko hezkuntza bermatu behar du, aukera-berdintasuna eskainiko duena, justua eta ekitatiboa. Lege berrian jasotzen dira ikasle guztien eskola-arrakasta lortzera bideratutako politika, kultura eta praktika multzo bat. Aipamen berezia merezi du, halaber, berariazko hezkuntza-laguntza behar duten haurren arretaren garapenak. Besteak beste, ikastetxeek hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleen aurrerapena sustatzeko neurriak eta laguntzak behar bezala antolatuko dituzte. Era berean, irakasleen eta hezkuntza-langileen prestakuntza sustatuko dute, hezkuntza-laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei hezkuntza-erantzun inklusiboa eta kalitatezkoa emateko.