Euskal unibertsitateek eskaintzen dituzten izen-emate epe asko zabalik daude. Aurtengo berrikuntza gisa, UPV/EHUk bost master berri eskaintzen ditu.
Prestakuntza aurreratua eta espezializatua da unibertsitate-master batek eskaintzen duen ekarpen nagusia. Askotan, Graduko ikasketen ondoren lanbide baterako irtenbide ona lortzeko edo doktoregoarekin jarraituko duen ikerketa bati ekiteko beharrezkoa den prestakuntza da.
Unibertsitateko masterren barruan gaitzen duten masterrak daude, hau da, lanbide arautu batean aritzeko behar direnak.
Unibertsitate-master batek urtebete eta bi urte arteko iraupena du, dituen kredituen arabera; 60, 90 edo 120. Prestakuntza teorikoaz eta praktikoaz gain, ikasketa-planak masterreko azken lan bat egitea ere eskatzen du.
UPV/EHUn zabalik dago unibertsitateko master bat egiteko deialdia. 100 titulu baino gehiagoko eskaintza dauka, UPV/EHUn edo Estatuko eta nazioarteko beste unibertsitate batzuekin lankidetzan ematen direnen artean.
2024-2025 ikasturterako bost master berri eskaintzen ditu: Bioetika eta Biozuzenbideko Masterra, Industriari Aplikatutako Adimen Artifizialeko eta Ordenagailuz Lagundutako Ingeniaritzako Masterra, Mikrouhinen eta Fotonikaren Elektronika Industriako Erasmus Mundus Masterra (EMIMEP), Interdisciplinarity in Materials for Energy Storage and Conversion Erasmus Mundus Masterra (i-MESC) eta Smart Cities and Communities Masterra (SMACC).
Deustuko Unibertsitatearen eskaintza hemen ezagutu dezakezu.
Mondragon Unibertsitateak ere bere webgunearen bidez eman du datorren ikasturterako masterren berri.