
Ikasleen %40,3 modalitate dualean ari da ikasten eta eraldaketa digitalaren aldeko apustua indartu egin da.
Lanbide Heziketan 49.000 ikasle baino gehiagorekin hasi da ikasturte hau Euskadin, aurreko urtean baino % 5,3 gehiago. Guztira, 2015-2016 ikasturtetik hona, Lanbide Heziketako matrikulazioak % 30,1 egin du gora. Horrek erakusten du Lanbide Heziketa aukera erakargarri bihurtu dela etorkizunerako aukera bila ari diren gazteentzat.
Matrikulen igoerak irakasleen kontratazioa handitzea ere esan nahi du. Sare publikoko ikastetxeetan iaz baino 265 profesional gehiago kontratatu dira.
Lanbide Heziketa Duala goranzko joera duen modalitatea da, ikasleen % 40,3k parte hartzen baitu ikastetxea eta enpresetako prestakuntza uztartzen dituen aukera honetan. Guztira 8.247 enpresa ari dira Euskadiko Lanbide Heziketarekin lankidetzan programan.
Espazio adimendunak eta enplegagarritasun handiko prestakuntza
145 espazio adimendun digitalizatu irekiko dira ikaskuntza hobetzeko. Hezkuntza-proiektuen beharretara egokitzeko gaitasuna duten espazio eta teknologia aurreratuak dira hauek, besteak beste, ikasgela interaktiboak eta zibersegurtasuneko espazioak.
Euskal Lanbide Heziketak enplegagarritasun handia du, batez beste % 89ko enplegu-tasarekin. Ziklo asko % 100era iristen dira. Euskadiko Lanbide Heziketak berrikuntza eta ekintzailetza sustatzen ditu, eta nazioarteko enpresa eta sareekin elkarlanean aritzen da 81 herrialdetan.