Nobel saridunak euskal ikasleen artean, Passion for Knowledgen

Passion for Knowledge (P4K) jaialdi zientifikoa urriko lehen astean egin da, zientziarekiko jakin-mina pizteko eta bokazio zientifikoak inspiratzeko helburuarekin, gazteen artean batez ere. Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolaturiko ekitaldiak jarduera sorta zabala eskaini du Donostian eta Bilbon.

Passion for Knowledgejaialdia jakintzaren eta zientziaren inguruko hitzordu paregabea izan da. Ikasleek izan duten parte-hartze handia tarteko, P4K jaialdia arrakastaz itxi da. Euskal ikasleek nazioarteko lehen mailako zientzialarien hitzaldiak entzun ahal izan dituzte, tartean hainbat diziplina zientifikotako Nobel saridunak ere bazirela.
Jaialdian, entzute handiko adituak izan dira hizlari saio publikoetan, hala nola Özlem Türeci, Covid-19aren aurkako txertoaren ikerketaren giltzarri izan dena; Didier Queloz, lehen exoplanetaren aurkitzailea; Jean-Pierre Sauvage, makina molekularren diseinatzailea; Donna Strickland, laserren ikerketan aitzindaria; Dario Gil, IBMko presidenteorde eta konputazio kuantikoko IBM Researcheko zuzendaria; eta Jocelyn Bell Burnell, pulsareen aurkitzailea, besteak beste.
Jaialdi honen baitan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ikerbasquek hiru emakume ikertzaileren lana aitortu dute. Ekimenaren helburua da Euskadiko emakume ikertzaileak ezagutzera ematea, belaunaldi gazteentzat eredu eta inspirazio-iturri izan daitezen
Aurten aitortza jaso duten emakume ikertzaileak hauek izan dira: Alicia Alonso, Biokimika eta Biologia Molekularreko katedraduna; Ainhoa Magrach, aldaketa globalaren eta ekosistemen funtzionamenduaren arloko ikertzaile liderra; eta Sara Barja, ikertzaile gazte nabarmena.