Lanbide Heziketa ikasteko era berriak: malguagoa, irisgarriagoa

Lanbide Heziketatik unibetsitaterako 264 konexio eskainita, pasabideen euskal programa sendotu egin da unibertsitateko kredituak aitortzeari esker.

Lanbide Heziketa eta Unibertsitatearen arteko konexio edo pasabideen programa gero eta zabalagoa da.
Unibertsitate-ikasketetara sartzeko konexioen bidez, goi-mailako heziketa-ziklo bat egin duten ikasleei unibertsitate-kreditu kopuru jakin bat aitortzen zaie. Kreditu kopuru hori, hautatutako unibertsitate-graduak eta egindako Lanbide Heziketako zikloak duten antzekotasunaren arabera aitortzen da. Aitorpen hori 3 kreditutik 66ra bitartekoa izan daiteke.
Osagarritasun horri esker, pertsona bakoitzak bere lehentasunen arabera diseina dezake prestakuntza-ibilbidea.
Gaur egun, Lanbide Heziketako goi-mailako 75 ziklok unibertsitateko 59 gradutarako pasabideak eskaintzen dituzte. Aukerak 264 konexioko kopururaino iristen dira unibertsitate-kredituen aitortzari esker. Izan ere Lanbide Heziketako goi-mailako ziklo askok unibertsitate-gradu baterako baino gehiagorako pasabidea eskaintzen baitute.
Adibidez, Automatizazioko eta Robotika Industrialeko goi-mailako zikloak 12 unibertsitate-gradutarako pasabideak ditu, hala nola Ingeniaritza Elektrikoko Gradura (UPV/EHUn), Ingeniaritza Elektroniko Industrial eta Automatikoko Gradura (Deustu eta UPV/EHUn) edo Ingeniaritza Mekatronikoko Gradurako (Mondragon Unibertsitatean), besteak beste.